Edukira joan

Aisia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Neskatoa igerilekuan lasai.

Aisia dibertsiora, atsedenera eta norbere garapena lortze aldera ematen den denbora da, gehienetan, helburu ludiko edo kulturaletarako erabiltzen da aldi hori: kirolak, lorezaintza, brikolajea, jolasak, denbora-pasak...[1]

Aisiak eta denbora libreak lotura dute, baina ez dira gauza bera. Gazteleraz ocio eta tiempo libre dira, hurrenez hurren. Hain zuzen, denbora librea betebeharrik ez dugun denbora da, ikasketak, lana, etxeko zereginak eta behar fisiologikoak ez diren beste jarduerak egiteari eskaintzen dioguna. Aisia, beraz, denbora librearen barruan kokatzen da.

Dimentsioak eta noranzkotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manuel Cuenca doktoreak aisia humanistaren barruan dimentsioak eta noranzkotasuna aztertu ditu. Noranzkoak positibo eta negatiboak dira. Negatiboak dira esperientziak pertsona edota bere ingurua kaltetzen dituenean, eta bi mota bereizten dira[2]:

  • Aisia kaltegarria: ekintza mingarri bati egiten dio erreferentzia. Esaterako, drogen kontsumoa.
  • Aisia absentea: ekintza ez da mingarria, baina pertsona ez da gustura sentitzen.

Aldiz, noranzkoak positiboak dira esperientzia atsegingarria denean, eta horren barruan ere mota bi daude:

  • Aisia baliagarria: praktikatzearekin batera medio bilakatzen direnak dira, ez jomuga. Berez, helburu jakin bategatik egiten dira, baina aldi berean, asebetetzea eragiten dute eta onura ekonomiko edo soziala dakarte.
  • Aisia autotelikoa: aisia purua da, interesik bakoa. Jarduerak berak asetzen du jardulea.

Azken hau bost dimentsiotan banatzen da:

  • Ludikoa: komunitate batean dibertitzeko egiten denari egiten dio erreferentzia.
  • Jai girokoa: arrazionaletik at dagoena ere onartzen duen aisiaren manifestu gorena, komunitatearen kohesiorako izugarrizko ahalmena duena.
  • Ekologikoa: ingurune naturalaren zainketan eta kontzientzia ekologikoan oinarritutako ohiturak izatean datza.
  • Sortzailea: gozamena arrazoituagoa da, hausnarketa prozesuekin lotua.
  • Elkartasunekoa: bizipen sozial eta altruista.

Aisian egiten ditugun jardueretan motibazioak eragin handia du eta, horren arabera, jardueren honako sailkapena sortzen da:

  • Autotelikoak: ekintza da helburua, eta ez ondorioa. Xedea sortzailea, ludikoa, jai ingurukoa, ekologikoa edota elkartasunekoa izango da. Esaterako, igeri egitea gozamen hutsagatik.
  • Exotelikoak: ondorioa da helburua. Xedea produktibitatearekin lotutakoa, kontsumista, prebentiboa, terapeutikoa edota kaltegarria izango da. Adibidez, igeri egitea lesio baten ostean errekuperatzeko.

Hala, aisian burututako eta betebehartzat jotzen diren jardueren arteko marra lausoa eta pertsona bakoitzaren araberakoa da. Izan ere, ikastea, sukaldatzea edo korrika egitea batzuentzat lana izango da eta beste batzuentzat gozamena sentitzeko modua.

Motibazioa ezberdina izango da adinaren, interesen, gaitasun fisikoaren, adimen gaitasunaren, izaeraren, esperientziaren… arabera, ezberdina izango da erabiltzaile gisa egingo den jardueraren aukeraketa.

Gomes eta Elizalderen arabera, Mendebaldean aisiari buruz eginiko ikerketetan ikusi da, oro har, bere erroak Grezia klasikoan edo Europakomodernitatean daudela, gizarte hiritar eta industrializatuan; eta bi interpretazioek eztabaida akademiko biziak sortzen dituzte. Testuinguru historikoa alde batera utzita, XIX. mendearen amaieratik gaiari buruzko garapen teorikoak aisiari buruzko ezagutzen sistematizazioa ahalbidetu zuen[3].

Etimologikoki aisia hitza aise-tik dator, eta erromatarren otium hitzaren baliokidea da. Skholéren esanahia berreskuratuz, hitz honek biziraupen hutsarekin lotutako jardueretatik at egoteko edo sentitzeko aukerari egiten zion erreferentzia. Halabeharrez, bakea, hausnarketa, oparotasunerako eta bizitza produktiboaren premiei lotutako lanak egiteko askatasuna bete behar ziren. Baldintza hezitzaile, politiko eta sozioekonomiko batzuen mende zegoenez, skholé pribilegio bat zen, gizon libreen eremu txiki bati erreserbatua. Aristotelesen ustez, jendeak atseden filosofikoa desiratzen ikasi behar zuen, horren bidez lortuko baitzituzten bertuteak. Honela, bere greziar zentzuan, skholé atseden hartzeko aukerari lotua zegoen, eta baita pribilegiatuena soilik zen bereizgarri bati ere: lan produktiborik egin behar ez izatea, eta begira eta gogoeta filosofikoan aritzeko aukera[4].

Munnék nabarmentzen zuen bezala, erromatarren otiuma sozialki estratifikatua zegoen: elite intelektualen kasuan, meditazioari eta kontenplazioari lotua zegoen, eta duintasunezko otiumtzat jotzen zuten. Horregatik, pertsona arruntei dagokienez, otiumak ikuskizun handiek emandako atsedena eta dibertsioa esan nahi zuen. Estrategia horri egiten dio erreferentzia, hain zuzen, "ogia eta zirkua" esamolde tradizionalak. Izan ere, helburua herria despolitizatzea zen, ikusle soil bihurtuz, eta era berean, entretenimendu masiboko ikuskizunen potentzial alienatzailea agerian utziz.

Erromatarrek otium eta negotiumaren artean egin zuten lotura ulertzea interesgarria da. Negotiuma, hortik gero negozio terminoa ekarri zuen latinezko hitza, okupazio gisa ulertzen zen. Beraz, lana (negozioa eta merkataritza) otiumaren ukapena zen. Greko-erromatar antzinatean aisia eta lana ulertzeko modua argiagoa ikusteko, gogoratu behar da lan hitza latinez tripalium dela, eta horrek esklaboak lan zikin eta gogorrak egitera behartzen zituen tortura-tresna bat esan nahi zuen.

XIX. mendeko aisia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendetik aurrera, aisia lan- eta denbora libre-kategoriekin lotzen hasten da –ikuspegi soziologikotik ulertuta–. Aditu askorentzat, horien artean Dumazedier, aisia Europako modernitatean sortu zen XIX. mendean, Europako hirigune nagusietan, batez ere Ingalaterran, industria-iraultzaren ondorioz. Bere ustez, aisia lanari kontrajartzen zaio, eta erretiroa hartzen denean edota egunaren, astearen, urtearen eta bizitzaren amaieran lan egin beharra bukatzearekin lotuta dago.

Aipatzekoa da Europa, bere praktika eta erakundeekin, ezinbestekoa eta erabakigarria izan da munduko txoko guztietan aisia "sortzeko". Horrela, aisiaren historia bakar eta unibertsal bat dagoelako ideia baieztatzen da, zeinak Europa erdigunean kokatzen duen.

Aisia eta kultura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo egoeran, Elizalderekin bat etorriz[5], aisia ez da aparteko fenomeno bat, pertsonen eta munduaren arteko harremanek hartzen duten esanahi kulturalaren arabera testuinguru ezberdinetan ezberdin agertzen dena. Aisiak jendartearen bizia ezaugarritzen du. Banakako eta gizarteko izaera duen gertaera da, oinarrizko giza eskubidea, garapen integralera bideratua (garapen fisiko, psikologiko eta soziala).

Egunerokotasunean, aisiak hezkuntza, politika, hizkuntza, osasuna, artea, zientzia eta natura bezalako dimentsioekin loturak ezartzen ditu.

Aisia, beraz, gizakion behar bat eta kulturaren dimentsio bat da, hiru elementuk ezaugarritzen dutena: ludikotasuna, manifestu kulturalak eta denbora eta espazio soziala. Elementu horiek elkarrekin gizartea eraldatzen eta gizatiarrago eta inklusiboago bat eraikitzen lagun dezakete.

Aisia osatzen duten manifestu kulturalak kulturaren gozamen gisa bizi ditugun praktika sozialak dira; hala nola, festak, jokoak, bidaiak, musika, poesia, pintura, eskultura, dantza, gorputz adierazpenak, joko elektronikoak, argazkilaritza, antzerkia, kirol jarduerak…

Hori bai, aisiaren barruan sar daitezke gizartean ontzat ematen ez diren jarrerak ere, etikoki zuzena denaren muga gainditzen dutenak. Hain zuzen, hori da jendarteko beldur handienetako bat, eta horregatik egiten da aisia polemiko eta kaotikoa mozteko ahalegina.

Mendizaletasuna

Eustateko datuen arabera, Euskadin aisian egiten diren jarduera nagusiak honakoak dira[6]:

  • Lagunekin tabernara joatea. Aisiaz gozatzeko zabalduen dagoen praktika da.
  • Kirola egitea. Orokorrean, euskaldun ia guztiek adierazten dute kirola sarritan egiten dutela. Kirolaz batera, jarduera fisikoa eta ariketa fisikoa barruan sartzen dituztela ulertzen da.
  • Mendira joatea. Kirola edo jarduera fisikoarekin lotuta, mendira joateak euskal kulturan eta euskaldunen aisian garrantzia du. Gehienetan asteburuetan egiten du jendeak.
  • Telebista eta pelikulak zinetik kanpo ikusi. Asteburuetan gailentzen da, eta oporretan gutxiagotan praktikatzen da.
  • Musika entzun, egunkaria irakurri eta Interneten nabigatu. Egunerokotasunean sarritan egiten diren jarduerak.
  • Kirol ikuskizunak ikusi eta antzerkira eta kontzertuetara joan. Maiztasun askoz gutxiagoz egiten dira, jende gehienak urtean behin soilik egiten duelarik.

Bestalde, Euskadin aisian gutxien praktikatzen dena honakoa da:

  • Kasinoan eta kinieletan jokatzea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Tres formas de aprovechar tu tiempo libre y divertirte en el proceso» andaluciainformacion.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).
  2. (Gaztelaniaz) «Conceptos de referencia» Manuel Cuenca (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).
  3. (Portugesez) «Novo livro: “Horizontes latino-americanos do lazer/Horizontes latino-americanos del Ocio”» Grupo OTIUM: Lazer, Brasil & América Latina 2012-06-29 (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).
  4. «aisia - Diccionario etimológico vasco-español» projetbabel.org (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).
  5. Gomes Elizalde, Christianne L. Rodrigo. (2012). Horizontes latinoamericanos del ocio. UFMG.
  6. «Euskal AEko 6 urte eta gehiagoko biztanleria aisialdiko jarduerak egiteko maiztasunari, lurralde historikoari eta sexuari jarraiki (milakoak)» PX-Web (Noiz kontsultatua: 2021-04-05).[Betiko hautsitako esteka]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]