Aditz-partizipiozko perpaus txertatua
Aditz-partizipiozko perpaus txertatua aditz jokatu gabeko perpaus txertatuaren motetako bat da (beste motak aditz-izenezko perpaus txertatua, aditzoinezko perpaus txertatua eta etorkizuneko aspektu-marka duten perpaus txertatua dira). Aditz-izenarekin osatutako perpausetan bezala, aditz-partizipioaz osatzen den perpaus txertatuak atzizki egokiaz hornitua agertu behar du, dagokion gramatika-zereginaren arabera.
Partizipioa, aditz-adjektibo
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aditz-partizipioak berezko duen zeregina adjektiboa izatea da. Hortik datorkie perpaus txertatu mota berezi bat osatzeko ahalmena.
- a. Obabakoak nobela Atxagak idatzia da.
- b. Karmele erabat gaztetua aurkitu nuen lehengoan.
Perpaus horien adjektibotasunaz ohartzeko, aski da beste perpaus hauetan begiak ipintzea:
- a. Obabakoak nobela ederra da.
- b. Karmele oso lirain aurkitu nuen lehengoan.
Perpaus horien egituraz luze eztabaida badaiteke ere, argi dago predikatua dela, nolabait, aditz-partizipioaz eratutako osagai hori. Partizipioa aditz adjektibatua dela onartuta, gauzak errazago ikusten dira. Izan ere, hainbat adjektibo aditzetik eratorriak dira, edo, bestela esan: zail da askotan adjektiboaren eta partizipioaren arteko bereizketa egitea (konpara, bestela, bete da / betea da; hil da / hila da; nekatu da / nekatua da, etab.). Baina, hortik aparte, eta orain ere atzizkiz hornituta edo hornitu gabe, perpaus-txertakuntzan joko handia ematen dute, bai nolabaiteko osagarri gisa, bai zenbait perpaus adberbial edo adizlagun osatzeko orduan ere.
Partizipioa zenbait aditzen osagarri
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi kasu bereizi behar dira: soila dutenak eta forma burutua dutenak.
NAHI, BEHAR eta antzekoen osagarri
[aldatu | aldatu iturburu kodea]NAHI, BEHAR, USTE, GOGO eta beste bakarren baten osagarri gisa, partizipioa ager daiteke. Eskakizun bakarra da perpaus nagusiko subjektua eta perpaus txertatuarena bat eta bera izatea:
- a. Ez dut inor ikusi nahi gaur. Nik nahi [[Ø] inor ikusi]
- b. Liburu guztiak erosi behar ditu gure zuzendariak. [[Ø] liburu guztiak erosi] behar ditu gure zuzendariak
- c. Nire lagunak pozik ikusi gogo ditut. [[Ø] nire lagunak pozik ikusi] gogo ditut (nik)
Partizipioa eta aditz nagusia bat eginda bezala agertzen dira (ikusi-nahi; erosi-behar; ikusi-gogo). Horregatik, aditz-komunztadura egitean nor, nori eta nork sintagmak aditz bakarraren ingurukoak balira bezala hartzen dira.
Partizipioa, osagarriaren aspektu burutuaren adierazle
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aspektu burutua duen perpaus osagarria partizipioaz eman daiteke, eta IZAN laguntzailea gehi dakioke.
- a. Garaiz etortzea [-burutua]
- b. Garaiz etorri (izan)a [+burutua]
Gehienetan, aspektu-oposizio hori, testuinguruari esker, neutralizatua gelditzen bada ere, zenbait esapidetan forma burutua erabili ohi da:
- a. Damu dut zu nahigabetua.
- b. Zu hemen ikusi izanak poz handia eman zidan.
- c. Nik zer kulpa daukat zuk seme asko hazia?
Partizipioa zenbait perpaus adberbialetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Partizipioaren bidez, osagarriez gainera, adizlagunak eta izenlagunak ere osa daitezke. Horretarako, jakina, atzizki edo postposizio egokia hartu beharko du perpausak. Postposizio hori, beti bezala, adizkiari itsasten zaio.
Moduzko perpaus adberbialak: -TUTA eta -TURIK
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Partizipioak predikatua osa dezake, adjektibo batek osatuko lukeen modu bertsuan. Antzeko testuinguruetan ager daitezke partizipiodun perpaus txertatuak -TA edo -(R)-IK atzizkia daramatela:
- a. Txapela belarrietaraino sartuta irten zen etxetik.
- b. Iparraldeko leize zuloan galduta daude euskal espeleologoak.
- a. Giltzari bi itzuli emanik irten zen kalera.
- b. Auto hau ongi ordaindurik dago.
Haietako batzuk artikuludun formaz ordezka daitezke (-TUA eta -TUAK gisa). Goiko adibideetan, aukera hori dutenak b-koak dira. Nolanahi ere, kontuan izan bedi -TUTA eta -TURIK formak egiazki adberbiozkoak direla. Horrenbestez, aldaezinak. Baina -TUA-ren azken osagaia artikulua da, eta hori, komunztaduraren arabera, formaz aldatzen da: subjektua singularra bada, -TUA. Plurala bada, -TUAK. Hori ezin da egin sartuta bezalakoekin:
- a. *Herri asko zapaldutak daude.
- b. *Biharko lan guztiak amaitutak ditut.
Perpaus horiek txarrak dira. Haien ordain zuzenak honako hauek dira:
- a. Herri asko zapalduta/zapaldurik daude / Herri asko zapalduak daude.
- b. Biharko lan guztiak amaituta/amaiturik ditut / Biharko lan guztiak amaituak ditut.
Holako perpausak galdegaiaren lekuan agertzen direnean moduzkotzat interpretatzen badira ere, mintzagai modura agertzen dira sarritan, esaldiaren hasieran hain zuzen:
- Ateari danbateko ikaragarria emanik / emanda, kalera irten zen.
Horrelakoetan, moduaz gainera, nolabait denbora ere adierazten dutela ematen du: Ateari danbateko ikaragarria eman ondoren, kalera irten zen esango balitz bezala.
Partizipioa instrumentalean: -TUZ eta -TUAZ
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goikoak bezala, moduzkotzat har daitezke.
- a. Ekaitza poliki poliki indarra galduz zihoan.
- b. Jendea errespetatuz, gauzak hobeki egin daitezke.
- c. Erabilitako liburuak salduz bizi da emakume hori.
Galde daiteke, dena den, ea baden diferentziarik partitibozko perpausaren eta instrumentalaz baliatzen denaren artean:
- Marsellesa kantatuz atera zen etxetik / Marsellesa kantaturik atera zen etxetik.
Marsellesa kantatuz esatean, perpaus nagusiko ekintza eta perpaus txertatukoa aldi berean gertatzen direla esan nahi da, hots: kantatzea eta irtetea aldi berekoak direla. Hortik datorkio moduzko interpretazioa. Marsellesa kantaturik esatean, berriz, kantatu ondoren irten zela esaten da.
-TUTAKO eta -TURIKO
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek NOLAKO galderari erantzuten diote. Izenlagun edo adjektibotzat har daitezke. Horrek esan nahi du, edo izen baten ezkerretara agertuko direla, beti ere izen-sintagmaren barruan, edo aditz kopulatibo batekin izen predikatu gisa. Edo zehatzago hitz eginez, perpaus erlatiboak direla esan liteke. Horregatik, aditz jokatuzko perpaus erlatiboek ordezka ditzakete horrelako perpausek. Adibidez:
- a. Nik zuri atzo esandako/esaniko kontuak, mesedez, ez inori esan.
- (Nik zuri atzo esan nizkizun kontuak ...)
- b. Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatutakoak/gertaturikoak dira.
- (Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatu direnak/zirenak dira)
Adjektibo diren aldetik, -TUA(K)-en bidez ere ordezka litezke, bereziki (b)-koen tankerakoetan:
- Kontu horiek aspaldi gure herrian gertatuak dira.
Aspektuaren aldetik, horrelako esapideetan ageri den adizkia [+burutua] dela ematen du. Eta esanahiaren aldetik ere, gauzak horrela dira gehienetan: esandako gauzak, gehienetan, «esan (izan) diren gauzak» dira, ez «esaten direnak», are gutxiago, «esango direnak». Baina, testuinguruaren arabera, aspektu-balio hori neutralizatu egiten dela dirudi. Honako honetan, adibidez:
- Gauez egindako lanak egunez ageri dira.
honela interpreta liteke:
- Gauaz egiten diren lanak egunez ageri dira.
- Ekialdeko euskalkietan, -TUTAKOren ordez -TU soila erabiltzen da erlatiboaren ordezko. Mendebaldeko erositako gauzak-en ordez, erosi gauzak esaten da. Hots: [...-TUTAKO] + Izena = [-TU] + Izena
Adibidez:
- Zuk erositako gauzak hobeak dira = Zuk erosi gauzak hobeak dira.
-TUTAKOAN / -TURIKOAN
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin -TUTAKO moduko egitura dagoenean, erraza da normalean denborazko adiera ematen zaion -TUTAKOAN egiturara pasatzea. Izen bat isilarazi dela pentsatzea aski da horretarako:
- Nik «aurrera!» esandakoan, hasi korrika.
Horren azpian pentsa daiteke honelako zerbait dagoela:
- Nik «aurrera!» esandako unean, hasi korrika.
Jakina, erlatiboetan bezala, gerta daiteke denborazkoa ez bestelako adiera izatea. Hori testuinguruak argituko du. Adibidez:
- Aitak gomendatu zigun hotelean ez zegoen lekurik, baina zuk esandakoan nahi adina zuten.
Hor argi dago hiztuna ez dela denboraz ari, leku batez baizik.
Partizipioa instrumentalean + GERO: -TUZ GERO
[aldatu | aldatu iturburu kodea]GERO aditzondoaren agerpenak salatzen duen bezala, batzuetan horrelako perpausak denborazkoak izan ohi dira:
- a. Behin lana amaituz gero, irten zaitezkete kanpora.
- b. Karrera amaituz gero(ztik) ez dut Miren ikusi.
Horretaz aparte, baldintza-zentzua ere izan dezakete perpaus horiek. Horrek esan nahi du bestelako baldintzazko perpausen ordain izan daitezkeela:
- Mozkorra harrapatzen da ardo gehiegi edanez gero (= mozkorra harrapatzen da ardo gehiegi edaten bada).
GERO-z aparte, badira beste zenbait postposizio ere instrumentala eskatzen dutenak: BATERA, esaterako:
- Liburua mahai gainean utziaz batera, burua atzerantz bota zuen.
Nolanahi ere, perpaus hauek denak adizlagunak dira. Eta kategoriari dagokion heinean, postposizio-sintagma:
Partizipioa + -ARREN / -AGATIK: -TUARREN / -TUAGATIK
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Horrelako perpausak kontzesiboak dira. Aditz-izenezko perpaus txertatuetan ager daitezkeen -TZEARREN eta -TZEAGATIK atzizkiez osatutako mendeko perpausak kausazkoak edo xedezkoak dira. Oraingo hauen adiera, ordea, guztiz bestelakoa da:
- a. Euskalduna izan arren, ez du hizkuntza gehiegi landu.
- b. Herriaren jabe izanagatik, ez du oraindik etsi, gehiago nahi du.
Kontzesiboak direnez gero, ordain ugari izango dituzte: -ba ere, -turik ere, -tuta ere, nahiz eta, etab.
Partizipioa gobernatzen duten zenbait elementu: EZEAN / EZIK; ORDUKO; NAHIZ (ETA), GABE, …
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Partizipioa + EZEAN / EZIK
[aldatu | aldatu iturburu kodea][Partizipioa + EZEAN / EZIK] egituraren bidez, nolabait moduzko perpaus adberbialak osatzen dira. Modu hori pixka bat gehiago zehaztuz, baldintzazko balioa dutela esan daiteke, ezezkako baldintza hain zuzen:
- a. Garaiz etorri ezean, ez dizut emango afaririk (= garaiz ez bazatoz, …)
- b. Zuzen aparkatu ezik, ez gara denok sartuko (= zuzen aparkatzen ez bada,…)
IZAN EZIK eta EZ EZIK ez dira nahastu behar
[aldatu | aldatu iturburu kodea]IZAN EZIK, itxura guztien arabera, [partizipioa + ezik] egitura da. Beraz, sail honetan du bere lekua. Hala ere, ez luke bestelako aipamenik mereziko jendeak EZ EZIK-ekin nahastuko ez balu. IZAN EZIK-ek, [partizipioa + ezik] tankerakoa bada ere, baldintza baino gehiago, salbuespena adierazten du. Hain zuzen, esapide horiek SALBU adizlagun/adjektiboaren bidez eman daitezke:
- a. Ikasleek izan ezik, beste guztiek erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.
- b. Ikasleek salbu, denek erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.
EZ EZIK, berriz, beste zereginetarako erabiltzen da, nolabait BAIZIK-en kontrako gisa:
- Ikasleek ez ezik, irakasleek ere erabil ditzakete liburutegiko aldizkariak.
Hots: ikasleek eta irakasleek ere bai.
Partizipioa + zenbait denbora-postposizio
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-TU + ORDUKO
[aldatu | aldatu iturburu kodea][Partizipioa + ORDUKO ] egiturak denbora-balioa du. Adibidez, sartu orduko bezalako batek bi interpretazio izan ditzake: a) sartu eta berehala edo b) sartu baino pixka bat lehenago, sartzerako. Praktikan, egia da, ez du axola handirik batera interpretatu ala bestera interpretatu.
- Giltza sartu orduko txakurra txilioka hasi zen.
-TU + ARTE
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Denboraren iraupenaren muga adierazten du. NOIZ ARTE galderari erantzuten dio:
- a. Zu ezagutu arte tristerik bizi nintzen.
- b. Egon hemen ni etorri arte.
-TU + BITARTEAN
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hau ere goikoaren tankerakoa da, baina oraingoan, muga adierazi beharrean, ekintzaren iraupena adierazten du:
- a. Nik entsalada prestatu bitartean, zuek mahaia atondu.
- b. Gela margotu bitartean jai eman ziguten.
Aurreko hiru kasu horiek aditz jokatuaren bidez ere eman daitezke:
- a. Giltza sartu nuen orduko txakurra txilioka hasi zen.
- b. Zu ezagutu zintudan arte triste bizi nintzen.
- c. Egon hemen ni kanpoan naizen bitartean.
-TU + ONDOREN
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hau ere denborazko adizlaguna da. ZEREN ONDOREN izango litzateke perpaus honi dagokion galdera: a. Kafesnea hartu ondoren ohera joan zen. b. Bigarren gola sartu ondoren askoz motelago hasi ziren jokatzen. Esapide honek ez du aditz jokatuzko ordainik onartzen.
-TU + AHALA
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- a. Botilak hustu ahala, berriak ekartzen zituzten mahaira.
- b. Gezurrak asmatu ahala, paperean ezartzen zituen.
- c. Fakturak, kontabilizatu ahala, artxibatu egiten zituen.
- d. Zahartu ahala, hezurrak gogortuz zihoazkion.
Hauek ere bi gertaeren arteko denborazko erlazioa adierazten dute: bi gertaerak, iraupena izanik, aldi berean edo bertsuan gertatzen direla ematen da aditzera. Esapide honen kidekoa dela dirudi ekialdeko euskalkietan ARAU postposizioaz osatua. Aditzoinari eransten zaio postposizio hori:
- a. Loreondo batek, lilia ireki arau, hostoa galtzen du.
- b. Irabaz arau, jan.
NAHIZ (ETA) + partizipioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea][NAHIZ (ETA) + partizipioa] egitura kontzesiboa da. Beste hainbatetan bezala, aditza jokatua ager daiteke nahiz jokatu gabe. Jokatu gabea denean, partizipioa da, partizipio soila, morfema horrek gobernatzen duena:
- Nahiz (eta) irakasle ona izan, ikasle guztiak aspertzen zaizkio. (= nahiz (eta) irakasle ona den…)
Kasu honetan ez dago postposiziorik. NAHIZ horrek azpian dukeen nahi hori gorabehera, nolabaiteko aurrizkitzat edo hartu beharko litzateke.
-TU + GABE
[aldatu | aldatu iturburu kodea]GABE postposiziotzat hartu behar da. Horrenbestez, postposizio-sintagma bat izango da GABE-rekin osatutako perpaus txertatua. Hala ere, zenbaitetan behintzat, ematen du postposizio horrek adjektibo gisa funtzionatzen duela, partizipioak bezalaxe, hain zuzen:
- a. Inori ezer esan gabe sartu zen gelan.
- b. Pakete horiek inork zabaldu gabeak dira.
- c. Sukaldea jaso gabe daukat oraindik.
Batzuetan, moduzko adizlaguna dela pentsa liteke (a). Izen predikatu gisa ere agertzen da (b eta c). Hitz gutxitan esateko, gehienetan -TUTA / -TURIK-en parekoa da. Diferentzia bakarra da GABE-k ezezko bihurtzen duela perpausa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.